“Gerezi garaia”, aske izan, beti!

Gerezi garaiak azala“Ba enetako mundiala da kontatzen duzuna, espioien film bat iduri du”, horrelaxe dio familiako gazteak Lucio Urtubiari, su ondoko gaueko solasaldi goxo batean. Ta egia esan, irakurle bezala ere, hala dela aitortu behar da! Bai badakit, Txalapartak argitaratu duen “Belatz“-en “Gerezi garaia” duela hilabete zonbaitzu eskuragarri dago, baina betiko bizitzaren atzerapenak kondu, oraintxe amaitu berri dut, eta oso gustora geratu naizenez, ezin nuen ez aipatu. Orain arte, anarkista baten bizitza kontatzen zuen komiki bat aholkatu behar banuen, “Louis La Guigne“, edo “Luis Zorte Gabea”, zen burura etortzen zitzaidan izena. Baina bi gerlen artean kokatua dagoen franko-belgiar komikia, Euskal Herria zeharkatzen badu ere, fikziozko historia bat zen. Historiaren egiazko gertakariak aipatzen bazituen ere, “Louis” faxismoaren aurka borrokatzen zen anarkistaren bizitza, erreala bazirudien ere, asmatua zegoen. Orain aldiz, Lucio Urtubia “zortea alde izan dut beti” (berak dioen bezala), anarkistaren “bizitzari buruzko eleberri grafiko”a nire lehen gomendioa izango dela seguro nago. Anarkismoa, askatasuna, elkartasuna eta bizitza omentzen dituen ez-fikziozko eleberri grafikoa hain zuzen ere.

Txalapartak, Tigre de Paper eta Demo argitaletxeekin batera, lau hizkuntzetan argitaratutako “Belatz” marrazkilariaren “Gerezi garaia”, komikia edo “eleberri grafikoa”, zinea bezala, arte bat dela frogatzen du. Erran gabe doa Lucio Urtubiaren bizitzak merezi zuela bai “espioi” zinearen antzeko eraikuntza bat, erritmo bat, denbora pasatzen ikusi gabe, orrialdeak bat bestearen atzetik irensteko egiazko bidai proposamen bat. Eta “Gerezi garaia”-k hori lortu du, ipuin moderno baten antzera, protagonistak “injustizien” aurka segitzen duen ibilbide iniziatikoan buru belarri sartzen gara.

lucio-urtubia 1

Eta nire ustez, “Belatz“-ek marrazkitu duen joan-etorri moduko eleberri-grafikoaren mezuaren indarra hauxe da: Lucio Urtubiarekin batera, “Nagusirik ez, Jainkorik ez!” lema bizirik dago. Filma baten moduan, atzo eta gaurko munduan egindako bidaiei esker, Luciok bere bizitzan jarraitu egin duen “askatasuna”ren aldeko borrokak balio izan duela argi geratzen da. Hemen ez dago nostalgiarik, ez da ez garai bateko “xuri beltzez” filmatutako borroka bat. Nola ez pentsatu gaur egun Europa eta mundu osoan zabaltzen ari den “faxismo berri”ari, Luciok garaiko “caudillitoak” borrokatzen dituelarik. Nola ez aipatu 2007-2008ko krisi edo hobe esanda “lapurketa mundiala”, Lucio eta bere lagunak “First National City Bank” “kriminaloei” sakelak hustutzen dietelarik. Nola Luciorekin batera ez birao egin, sekta bateko apez batek bere “sinesmenak” ehorzketa batean inposatu nahi dituelarik, gaur egun jakinean gaudelarik beraien otoitzak milaka haurren malkoei esker ere zabaldu dituztela.

lucio urtubia 2

Alta, askatasunaren aldeko eta poderetsuen aurkako borroka ez da beti arrosa. Ihesaldiak, kartzela, klandestinitatea, lagun erahilak…ez dira ez betiko garai onenak, eta hori ere agerian geratzen da. Baina Lucio Urtubia eta “Gerezi garaia” eleberri grafikoaren kasuan, injustiziek ezin dute “utopia” inoiz geratu edo hautsi. Euskal Herritik Parisera, Gerla zibiletik “La Commune”eko jarraitzaileen mundura, nola geratu norberaren eta jendartearen askatasuna elikatu nahi duen ideologia bat? Nola geratu sentimenduak eta jakintza dirua eta jainkoen gainetik emaiten dituen bandera beltz bat? Hau da niretzat behintzat eleberri-grafiko honen mezua, errespetuz, umorez, negarrez, haserrez eta esperantzaz josia: buruan eta bizitzan aske izan, beti! Milesker Lucio!

Lucio urtubia 3

Joan den mendean, George Bernard Shaw idazleak “hamasei urterekin anarkista ez izaitea, bihotzik ez edukitzearen seinale da. Berrogei urterekin izaiten jarraitzea, zentzuz faltaren seinale da” esaldia idatzi zuen, alderantzizkoa esan nahi zuenik ez nago segur oraindik. 😉

Eta artikulua edo eleberri-grafikoa irakurtzeko nola ez,  MotivésLe temps des cerises“:

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s